XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

14. Eztiaren miraria Erlazantzako mundu honetan sartu nintzenean harriturik geratu nintzen ikustean zenbat jendek eztia erleen kaka zela uste zuen.

Hasieratik, beraz, esan behar da eztia ez dela erle-kaka.

Definizio moduko bat eman beharko bagenu, eztia nektar kontzentratua eta eraldatua dela esango genuke.

Erlea lorerik lore larrean hasten denean nektarra bere paparoan sartzen du eta paparoa bete zaionean erlauntzara abiatzen da.

Beraz, eztigintzaren lehen urratsa nektarra biltzean ematen da.

Erleak nektarra jaso ahal izaten du mihi luze bat duelako.

Eboluzioan zehar loreek metabolismo-hondakinak jariatzeko zituzten guruin batzuk nektario bihurtzen dituzte eta nektario horietan dagoen nektarra erakargarria da erleentzat.

Gainera lore horietako polen-aleak espezie bereko beste loreetara eramaten dituzte, erleek horretaz konturatu gabe.

Bestalde, ez ahaztu, nektarraz gain, landareek kolore deigarrizko loreak izaten dituztela.

Lore-mota bakoitza moldatu egin da halako intsektuetara eta badira, erleetara moldatu direnak ere.

Moldaketa hori nabari izaten da, loreen kolorean eta forman.

Lore batzuk txikiegiak dira erlearentzat, besteek luzeegia dute nektarioko bidea eta ezin du erleak mihiaz nektarreraino iritsi.

Gauez zabaltzen dira batzuk eta gaueko intsektuak erakartzeko mekanismoak dituzte.